Noticias - Asociación de Montaña Lagun Onak, Gipuzkoa

Mundu mailako alpinista eta eskalatzaile onenetarikoak ekarriko ditu Azpeitira ‘Mendiko ahotsak’ emanaldi zikloak

el .

Lagun Onak Mendi Bazkunak 2021 urtean zehar egingo duen ‘Mendiko Ahotsak’ emanaldi zikloa aurkeztu du, bere 75. urtemugako programan jasotako ekintza nagusietakoa. Zikloaren testuinguruan, munduko alpinista eta eskalatzaile onenak izango dira Azpeitian beraien ibilbide eta bizipenak plazaratzen. Beraiekin batera, herriko eskalatzaile eta abenturazaleak, bidaiari nekaezinak, ur-amiletako kayakistak, himalayistak, mendiko lasterketetako korrikalariak… Programa orekatua osatu da, gertuko zein nazioarteko hizlariak uztartzen dituena.
Emanaldiak hilean behin egingo dira, hilabeteko hirugarren ostegunean, eta printzipioz arratsaldeko 19:00etan. Sanagustin Kulturgunean edo Soreasu egingo dira, hilabete bakoitzeko emanaldiaren deialdian zehaztuko direlarik ordua eta lekua. Sarrerak Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren web orrian eskuratu ahal izango dira. Egun bizi den pandemia egoera dela eta, emanaldiek edukiera mugatua izango dute eta gaitzaren hedapena eragozteko beharrezko diren neurri guztiak aplikagarri izango dira (musukoak, distantziak…). Emanaldi zikloa bera ere momentuan momentuko osasun egoerara egoitzen joango da.
Gaur gaurkoz, hamaika hizlarik baieztatu dute zikloan parte hartuko dutela, eta lehenengo saioa datorren ostegunean bertan izango da, urtarrilaren 21ean (aurki zabalduko da deialdia). Honakoak dira konfirmatutako hizlariak:

  • Denis Urubko (Nevinnomyssk, Errusia, 1973). Zortzimilako mendi guztiak egin ditu, Makalu eta Gasherbrum II neguan eskalatu ditu, bost zortzimilakotan bide berriak ireki ditu, hainbat erreskatetan hartu du parte… eta honela etengabe jarrai genezake. Tipo bakarti baina berezia, egun mundu mailan dagoen alpinistarik onenetarikoa eta himalayismoaren historian legenda bilakatu dena.
  • Adam Ondra (Brno, Txekiar Errepublika, 1993). 2013 urtean, Rock&Ice aldizkariak “prodijio” eta egungo belaunaldiko eskalatzailerik onena bezala definitu zuen. Ez da gutxiagorako: dozenaka domina irabazi ditu Munduko Txapelketetan, eta 9c zailtasuneko bide bat eskalatu duen lehenengo pertsona izan da.
  • Jesús Calleja (Fresno de la Vega, Espainia, 1965). Mendizale, abenturazale eta aurkezle ezaguna. Everest eta Lohtse igo ditu, Zazpi Tontorren erronka osatu du (kontinente bakoitzeko mendirik altuena igotzea), rallytan aritu da… Helikopteroko pilotua ere bada, eta Espainiako telebistan hainbat saioren aurkezlea.
  • Ainhoa Lendinez (Elgoibar, Euskal Herria, 1981). Kazetaria eta mendiko lasterketetako korrikalaria. Hainbat lasterketa eta ultratrail irabazi ditu Euskal Herrian, eta prestigiozko garaipenak ditu Europa mailan ere. Munduko hainbat txokotako lasterketetan lehiatu da, hala nola Everesten edota Saharan.
  • Gorka Karapeto (Azpeitia, Euskal Herria, 1981). 14 urterekin hasi zen eskalatzen, 15ekin ia profesionala zen… eta ordutik ez da gelditu. Bost aldiz izan da Euskadiko kirol eskaladako txapeldun, 9a zailtasuneko hainbat bide eskalatu ditu, Urrielluko Orbayu ezaguna eskalatu duen eskalatzaile gutxietakoa da, Eigerreko Magic Mushroom bidea osatzea lortu du… Egun Iruñeko BiHatz eskalada gunea kudeatzen du, eta eskalatzen jarraitzen du.
  • Josema Casimiro (Iruñea, Euskal Herria, 1958). 1986an munduko bigarren mendirik altuena den K2 eskalatu zuen Estatuko lehen mendizalea bihurtu zen, Mari Abregorekin batera. Estilo alpinoan egin zuten gainera. Hainbat gailur eta saiakera egin ditu Himalayan eta, hortik harago, Alpetan, Pirinioetan, Afrikan edo Hego Amerikan hainbat abentura bizitakoa da.
  • Mamen Etxaniz (Azpeitia, Euskal Herria, 1961). Bidaiari eta abenturazale nekaezina: AEBtako 66 bide ezaguna eta Atenasetik Azpeitirakoa egin ditu bizikletaz, Nepal gurutzatzen duen Great Himalaya Trail egin du, Pirinioetako GR11 bidea… Eta ez du geratzeko asmorik.
  • Josu Iztueta (Tolosa, Euskal Herria, 1958). Bidaiari nekaezina. 80 eta 90eko hamarkadetan, Nairobitarra izeneko mudantzetako kamioi zahar batekin 800.000 kilometrotik gora egin zituen, ehunka euskaldun lagunen konpainien munduko txoko guztietara iritsiz. Mende berrian kamioia furgonetagatik aldatu zuen, baina kilometroak egiten jarraitzen du.
  • Mikel Sarasola (Donostia, Euskal Herria, 1987). Ur-amiletako kayakista da. Gaztetan Espainiako txapeldun izan zen eta, ondoren, bere kayaka furgoneta batean sartuta munduan zehar ibiltzea erabaki zuen, erronka estimulatzaileak eta esperientzia berriak aurkitu nahian: Groenlandia, Pakistan, Peru, Patagonia, Nepal…
  • Joxe Luis Eizagirre (Azkoitia, Euskal Herria, 1974). Mendizale eta bidaiaria, mundu hainbat bazterretan ibili dena, esaterako Himalayan, Andeetan edota Ipar Amerikan. Azken honetan, Alaskan dagoen McKinley mendiaren gailurra egina du.
  • Wojciech Kurtyka (Skrzynka, Polonia, 1947). Alpinismoaren legenda bizia, Himalayan estilo alpinoan eskalatzearen aitzindaria eta Poloniako alpinismoaren “urrezko aroko” kide esanguratsua. Bereak dira XX. mendeko mendizaletasunean egindako gesta handienetako batzuk, eta 2016 urtean Urrezko Pioleta jaso zuen bere ibilbideagatik.

Aurreikusitako emanaldi hauetaz gain, Lagun Onak Mendi Bazkunak bestelako emanaldi eta hitzaldiak ere antolatzea aurreikusten du 2021 urtean zehar. Kasu guztietan, ekitaldia baino egun edo aste batzuk lehenago plazaratuko dira emanaldi bakoitzari buruzko nondik norako eta xehetasun guztiak.