Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

1.779 boto jaso ostean, amaitu da #NireGailurrak argazki lehiaketa

Data: .

Fidel Horrilloren ‘Kalapathar’ argazkia izan da Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu duen eta pasa den igandean amaitu zen #NireGailurrak argazki lehiaketaren irabazlea. Ekimen hau konfinamenduaren testuinguruan jarri zuen martxan mendizale taldeak, ezohikoz egoera honetan entretenimendu pixka bat jartzeko, eta jendearen erantzuna sekulakoa izan da: guztira 121 argazki aurkeztu ziren lehiaketara eta, ondoren, bozketa fasean, 1.779 boto jaso dira. Lagun Onak Mendi Bazkunak ekimenaren balorazio oso positiboa egiten du, eta eskerrak eman nahi dizkie lehiaketan zein bozketan parte hartzera animatu diren herritar guztiei.

Argazki irabazlea Nepalen dago aterata, eta guztira 214 boto jaso ditu. Irabazleak 60 euro eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkarteko tabernan edo Xoxoteko Aterpean bi lagunentzako bazkari edo afaria irabazi ditu. Parte hartu duten argazki guztien artean beste otordu bat zozkatuko da datozen egunetan, eta mendizale taldearen sare sozialetan iragarriko da irabazlea. Bigarren gelditu da Borja Eizagirreren ‘Munduari begira menditik’ argazkia, Ordesan ateratakoa, 179 botorekin. Azkenik, lehen hirukoa osatzen du Borja Paredesen ‘Ama Dablam’ argazkiak, hau ere Nepalen ateratakoa, 168 boto eskuratu dituena.

Facebook, erabiliena

Apirilaren 26an amaitu zen lehiaketara argazkiak aurkezteko epea eta, ondoren, apirilaren 28aren eta maiatzaren 10aren artean egin da bozketa fasea. Igandeko 18:00etan itxi zen botoa emateko epea, eta ondoren egin da kontaketa. Bozka emateko hiru modu zeuden: Instagram, web orria edota Facebook, eta azken hau izan da erabiliena. Sare sozial honetan, argazki parte hartzaileek jaso duten ‘Atsegin dut’ bakoitza boto bat zen, eta guztira 1.422 honelako jaso dira. Instagramen, bere aldetik, bozka iruzkinen bitartez ematen zen, eta 183 boto zenbatu dira. Azkenik, web orriaren bitartez beste 174 bozka jaso dira.