Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

Maria Iceta eta Haymar Manzisidorrek irabazi dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urteurreneko logo lehiaketa

Data: .

Maria Iceta eta Haymar Manzisidorrek irabazi dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urteurreneko logo lehiaketa. Bi sarituek elkarlanean osatu dute irudi irabazlea, eta atzo jaso zituzten diploma eta 300 euroko dirusaria. Aurrerago jasoko dute urtemuga ospatzeko aterako den arropa sorta. Logo irabazleak mendien figurekin osatzen du 75 zifra, eta azpian “Lagun Onak MB” izena agertzen da. Irudia modernoa eta soila da, originala eta kalitate artistiko handikoa, eta moldakortasun handia eskaintzen duela nabarmendu dute epaimahaia osatu dute mendizale elkarteko kideek. “Lehiaketa ateratzea erabaki genuenean, horrelako logoren bat lortzea genuen buruan, hauxe da bilatzen genuena”, adierazi dute.


Irabazlearekin ez ezik, Lagun Onak Mendi Bazkuna oso pozik agertu da baita ere lehiaketaren nondik norakoekin. Aurtengo martxoan jarri zen martxan egitasmoa, eta ekainera arte egon zen irekita lanak aurkezteko epea. Bitarte horretan, dozena bat lan baino gehiago aurkeztu ziren, kalitate oso handikoak denak ere. “Proposamen profesionalak jaso ditugu, aurkezpen eta errelato oso landuekin, eta asko zaildu digute irabazlea aukeratzeko erabakia”, azaldu dute epaimahaikideek. Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartzera animatu diren guztiei.


Logoaren erabilerari dagokionean, Lagun Onak Mendi Bazkunak aurreratu du datozen asteetan emango duela urteurrenerako prestatzen ari den ekimenen berri. Gainera, irudi korporatibo berria daraman arropa eta material sorta ere ari da prestatzen da mendizale elkartea, eta hauek ere aurki plazaratuko direla nabarmendu dute.