Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

Erlo: zirkular alternatiboa Soreasutik

Data: .

Herriko plazan hasiko dugu ibilbidea. Alde zaharra zeharkatu eta, parrokia atzetik, Soreasu auzora pasako gara. Handik, Arraio baserria igotzen den pista hartuko dugu, Urbigain baserrira jarraitu eta goranzko bidea hartuko dugu. Ezkuzta gainetik, herritik aldentzen joango gara, eta bidegurutzetan beti gorako bidea hartuko dugu.

Pinudian sartu eta aldapa bat gainditu ostean, Izarraizko Birako ibilbidearekin egingo dugu bat. Hemendik aurrera, marra gorri, zuri eta horiak jarraituko ditugu. Haitz Bakar azpitik pasa ostean, Izarraitz inguratzen jarraituko dugu, Ondarbasotik datorren bidearekin bat egin arte. Hemen, seinale batzuk erakutsiko digu gailurretarako bidea.

Bide honetan metro batzuk egin ostean, ezkerretara desbideratuko gara. Bidegurutzean, marra gorri bat ikusiko dugu harrian pintatuta, goranzka seinalatuz. Bidea nahiko argi agertzen zaigu hemendik aurrera, beti aldapa gora, eta baso benetan ederrak zeharkatuz Izarraitzen gainaldera iritsi arte.

Azken zatian ibilbideak Eskorta zeharkatzen du iparraldetik, Erloko antenara igo, pistara sartu eta Erloko iparraldeko tontorrera igoko gara. Zati honetan, antenara igotzeko zatia pixkat bertikala da, mendia inguratzen jarraituta ebitatu daiteke. Erloko gurutzea ukitu ostean, Xoxotera jaitsiko gara, aterpe ondotik pasa, San Inazio bisitatu eta Azketako iturrira jaitsiko gara.

Hemendik aurrera, ohiko bidea jarraitu beharrean, behera jarraituko dugu, eta basoa beheko bidetatik zeharkatuko dugu. Hemendik aurrera, nabarmenena den bidea egingo dugu, eta atzera bueltan igoerako ibilbidera irten arte, Haitz Bakar inguruan. Hortik aurrera, gorako bidean egin dugun bidea egingo dugu berriro ere, oraingoan beheraka, Azpeitira itzuli arte.

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=cw2vHuGkuUM

Tracka: www.labur.eus/soreasutik