Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

2021 urtean 75 tontor egiteko erronka luzatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak

Data: .

’75 urte, 75 tontor, 75.000 metro’ ekimena aurkeztu du gaur Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak. Elkarteak 75 urte betetzen ditu 2021ean, eta urtemuga ospatzeko prestatzen ari den ekitaldi sortaren parte da egitasmoa. Ekimen honekin, Lagun Onak Mendi Bazkunak erronka luzatu nahi die mendizale guztiei: 2021 urtean zehar 75 tontor egitea, denen artean 75.000 metro dituztenak. Erronka interesgarriago egiteko, hilabetero egongo dira sariak, bai gailur guztiak osatzen dituztenentzat zein parte hartzen duten guztien artean egindako zozketak.
Egin beharreko mendiak Lagun Onak Mendi Bazkunak aukeratu ditu, eta Euskal Herriko zazpi herrialdetan banatuta daude: Gipuzkoako 21, Bizkaiko 17, Arabako 10, Nafarroako 13, Lapurdiko 7, Nafarroa Behereko 3 eta Zuberoako 4. Erronka hilabeteroko erronkatxotan dago banatuta: hau da, Lagun Onak Mendi Bazkunak hilabete bakoitzean egin beharreko mendiak zehaztuko ditu eta, ondoren, hauek osatu dituztenen artean sariak zozkatuko ditu, eta zozketak egingo ditu baita ere parte hartzera animatu dituen guztien artean. “Erronka, 2021. urtean tontor hauek guztiak, lagun mendizaleen artean igotzea izango litzateke”, azaldu dute elkarteko ordezkariek.
Gaineratu dutenez, COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko gaur gaurkoz indarrean dauden eta etorkizunean ezarri daitezkeen mugikortasun mugek ere hein handi batean baldintzatu dezakete lehiaketaren nondik norakoa; esaterako momentu honetan ezinezkoa delako Nafarroako edota Iparraldeko herrialdetara bidaiatzea. Hala ere, erronka momentuan momentuko errealitatera egokituko dela adierazi dute eta, ondorioz, urtarrilerako Euskal Autonomia Erkidegoko mendiak bakarrik egin beharko dira erronkan.

Parte hartzea eta sariak
Erronkako parte hartzea bideratzeko, Lagun Onak Mendi Bazkunak http://lagunonakmb.org/75-urte-tontor/ web orria jarri du martxan. Bertan, erronkari eta hilabete bakoitzean egin beharreko gailurrei buruzko informazio guztia aurkitzeaz gain, mendizaleek erronkan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, dagokion hilabetea aukeratu ostean, gailurra egin izana egiaztatzen duen argazkia edo argazkiak bidali beharko dituzte, galdetegi labur bat betetzearekin batera: izena, posta elektronikoa, eginiko tontorraren izena eta data eta, nahiz izanez gero, mezuren bat.
Urteko hilabete bakoitzean, proposatu diren mendi guztiak osatzen dituzten mendizaleen artean 120 euroko bonu bat zozkatuko du Lagun Onak Mendi Bazkunak, Azpeitiko Santi Lazkano Kirolak dendan gastatzeko. Bestalde, tontor guztiak ez baino gailurren bat egin dutenen artean, lau sari zozkatuko dira baita ere hilabetero: 60 euroko bonu bat Jostaldi Kirolak dendan gastatzeko; Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteko dendetan gastatzeko 30 euroko bonua; Euskadi Sport dendak eskainitako jertsea eta taza; eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urtemugako kamiseta bat.
Sari hauez gain, erronkan zehar bestelako sariak ere zozkatuko dira parte hartzaileen artean: otorduak Landeta sagardotegian, Xoxoteko aterpean egonaldiak… Amaieran, gainera, Halcon Bidaiak agentziak eskainitako bidai-bonua ere zozkatuko da. Pertsona bakoitzak hilabetero sari bakarra irabazi ahal izango du; eta, hilabeteren batean, gailur guztiak egin dituen inor egongo ez balitz, parte hartu duten mendizaleen artean Santi Lazkano Kirolak dendan gastatzeko 60 euroko bi bonu zozkatuko lirateke.
Lagun Onak Mendi Bazkunak hilabeteko lehenengo astean egingo ditu publiko aurreko hilabeteko erronkatxoari dagozkion zozketak, eta bere web orriaren eta sare sozialen bidez iragarriko dira irabazleak. Baita ere hilabeteko azkenengo astean hurrengo hilean egin behar diren gailurren berri emango du, kanal berdinak erabiliz. Azkenik, elkarteko arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkiete erronka antolatzen lagundu duten babesle guztiei: Santi Lazkano Kirolak, Jostaldi Kirolak, Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartea, Euskadi Sport, Xoxoteko aterpea, Landeta sagardotegia, Azpeitiko Udala eta Halcon Bidaiak.