Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

Georgiara bidaia

Data: .

11 lagun ibili dira azken egunetan Georgia aldean, eta bertan lau mendi ibilaldi burutu dituzte. Elkarteak antolatu du ekimena, herriko Halcon Bidaiak Azpeitia agentziarekin elkarlanean.

Lehenengo mendi egunean, Chaukki mendietan barneratu dira mendizaleak, Juta herritik (2.100 m) gora doan bailaran barrena. Chauk aintzirara iritsi ostean, gorantza jarraitu eta 3.200 metrotara dagoen lepo batera iristearekin batera, trumoi hotsak buelta hartzera behartu zuen taldea. Hala ere, goi-mendiko jardunaldia polita osatu zuten.

Bigarren jardunaldian, Kazbegi mendira (5.047 m) gertura ziren. Gaur gaurkoz Gergeti elizarako (2.000 m) errepidea itxita dagoenez, espero baino behereagotik hasi zen ibilbidea. Belardi ederretan gora, Sabertseko lepora (2.800 m) iritsi ziren lehenengo, eta Altihut aterpera gero (3.000 m). Taldeko batzuk aurrera jarraitu zuten, ahalik eta Gergeti glaziarrera iristea lortu zuten arte (3.300 m). Ondoren, bide beretik buelta.

Hirugarren eguna lasaiagoa izan zen, eta Truso bailaran murgildu zen taldea. Bailara ia isolatua da, artzainek, komentuetako azken bizilagunak eta muga zaintzen duten soldaduek bakarrik bisitatu ohi dutena. Ibilaldi erosoa osatu zuten mendizaleek, paisaia ikusgarrietan barrena, dorre, gaztelu eta hustutako herrixkak ezagutuz.

Azken egunean, Gudauri (2.200 m) eski estaziora mugitu zen taldea. Bidea aldapa gora hasi zen eta, estazio gaineko gailurra zapaldu ostean (2.400 m), ondoan dagoen Tsikhiani bailarara jaitsi ziren. Berriro ere dorrez eta belardi ederrez inguratuta, bailara bitan ebakitzen duen Khadistkali errekaraino jaitsi ziren. Honi jarraiki goitik behera egin zuten bailara, ahalik eta Kvesheti elizaren parean errepide nagusira irten zuten arte.

Lau mendi ibilaldiez gain, egon da Tbilisi hiriburua ezagutu edota Stalinen jaioterri den Gori hiria bisitatzeko paradarik ere, bai eta Georgiako jendea eta giroa ezagutzeko. Esperientzia polita izan da ekimenean parte hartu dutenentzat eta, hau honela izanda, elkarteak ere bidaiaren balorazio positiboa egiten du.

Argazki galeria: labur.eus/georgia2021

20210810 Georgia web