Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

Soreasu ia beteta, Adam Ondra entzuteko

Data: .

#MendikoAhotsak-en zikloaren zortzigarren hitzorduak Adam Ondra eskalatzaile txekiarra izan zuen protagonista, mundu mailako eskalatzaile onenen artean dagoen artista. Soreasu ez zen beteko, baina apenas geratu zen eserleku hutsik, eta gonbidatuak maila handiko emanaldia eskaini zuen. Poz ematen du jendearen aldetik horrelako erantzuna jasotzeak eta, garrantzitsuena dena, lanean jarraitzeko gogoa bizirik mantentzen du.

Patxi Usobiaga eskalatzaile eibartarrak gidatuta, Ondrak bere biziko mugarri nagusiak, lorpenak, lehiaketak eta nola ez, Tokioko Olinpiar Jokoak izan zituen hizpide. Emanaldi benetan interesgarria osatu zuen, oso pertsonala eta zintzoa, ikusleak asebete utzi zituena. Hau gutxi balitz, euskararekin ere egin zituen zenbait saiakera txekiarrak. Galderen txanda ere animatua izan zen eta, bideo bidez, zenbait aurpegi ezagun “bertaratu” ziren Soreasun: Pou anaiak, Jesus Calleja, David Broncano, Jose Antonio Ponseti eta Alberto Gines. Lerro hauetatik, agur bat denei!

Ekitaldi amaieran, elkartearen izenean oroigarri bana jaso zuten Usobiagak eta Ondrak, Gorka Karapeto eta Leire Agirre eskalatzaile azpeitiarren eskutik. Ondoren, hauei ere beste oroigarri bana eman zitzaien, elkartearen izenean eta esker onez, beraien kirol ibilbideari zein elkartearekin duten loturari aitortza gisa.

Mendiko Ahotsak emanaldi zikloak datorren astean jarraituko du, bederatzigarren eta hamargarren hitzorduekin. Bietatik lehena asteartean egingo da, Basazabal jauregian, eta Ainhoa Lendinez izango da protagonista. Bigarren zita ostegunean dugu Soreasun, eta laster emango dizuegu honen berri.

WhatsApp Image 2021 12 11 at 11.08.21

WhatsApp Image 2021 12 11 at 11.08.21 1

WhatsApp Image 2021 12 11 at 11.08.20 1