Hura eguna larunbatekoa!
Pasa den larunbatean ospatu genuen elkartearen #75Urte Eguna. Udazkenean zen ospatzekoa eguna baina, pandemiaren ondorioz, atzeratu beharrean izan ginen, eta 75+1 urtemugaren ospakizun bilakatu zitzaigun azkenean. Eguna borobila izan zen, eta momentu hunkigarriak, festa, umeentzako ekintzak, parte hartze handia… denetik izan zuen.
Goizeko 9:00etan hasi genuen ospakizuna, txistularien atzetik kaleak zeharkatu eta Arauntza mendira igo ginen, elkarte bezala 1946an zapaldu genuen lehenengo gailurrera. Elkarteko kide eta lagunez gain, eskola kiroleko irteera izan zen ibilaldia, eta ehunka laguneko taldea elkartu ginen. Gailurrean, aurreskua eta lore eskaintza, urte hauetan utzi gaituzten elkarteko kideei eskainia.
Behin kalera jaitsita, harrera oso ona izan zuten umeentzako jolasak eta puzgarriak izan genituen plazan, eguerdi partean eta arratsaldean 20:00ak arte. Bazkal aurretik, elkarteko batzarkide izan direnen familia argazkia atera genuen, eta Mendi Bazkunaren bueltan dabiltzan lagun guztien topaleku bihurtu zen plaza.
Bazkariari erreparatuta, eskerrak eman beharrean gaude Elikaguneari, egun osoan zehar egin zuten lan txukunagatik eta eskainitako otordu ederragatik. Jan-edanaz gain, trikitilariek eta bertsolariek girotu zuten topaketa, eta hainbat sari eta oroigarri banatu ziren: elkartearen 50. urtemugatik hona lehendakari izan direnek piolet pertsonalizatu bana jaso zuten, eta #75gailur erronka osatu duten lagunek ekimena osatu izanaren garaikurra. Hauen artean, gainera, Halcon Bidaiakek eskainitako asteburu pasa ere zozkatu zen. Hortik aurrera, giro onean jarraitu zuen festak, eta izan ziren ospakizuna ordu txikiak arte luzatu zutenak ere.
Elkartearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiogu Lagun Onakek 75 urte egitea posible egin duzuen guztioi: batzordekideei, bolondres eta laguntzaileei, ekintzetan parte hartu duzuenoi, autobus gidariei, egiten ditugun ekimenen babesleei, erakundeei, udalari, mendi federazioei, gurekin elkarlanean aritzen diren gainerako elkarteei… era batera edo bestera, gure Lagun Onak MBri ekarpenen bat egin dioten guztiei, inor ahaztu gabe. Eta nola ez, aipamen berezia, urte hauetan utzi gaituzten elkartekide guztiei.
Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Segi dezagun elkarrekin bidea egiten.
75 Urte Eguneko argazki galeria osoa: https://labur.eus/75urteeguna