Tuteratik Azpeitirako bidea egingo du
Lagun Onak MBk 2024 urtean
9 etapatan egingo da ekimena, eta guztira 250 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute mendizaleek
Tuteratik abiatu, Euskal Herria aldez alde zeharkatu eta, etxean, Azpeitian amaitu. Horixe izango da 2024 urtean Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak egingo duen helduentzako etapazko ekimena. Ibilbideak 250 kilometro ditu guztira, eta 6.000 metroko desnibel metatua, eta mendizaleek 9 etapetan egingo dutela aurreikusten da. Lehenengo etapa otsailaren 17an egingo da, eta azkenekoa urriaren 19an, festa egun batekin borobilduko litzatekeena.
Mendizaletasunaren eskutik, eta Kilometroak ekimenaren baitan, Euskal Herrian zehar euskarak bizi dituen egoera desberdinak ezagutzeko parada emango du ekimenak. EAE ez bezala, Nafarroa hiru eremutan banatuta dago hizkuntzaren ikuspegitik. Ibilaldiak Nafarroa guztia zeharkatuko duenez, zonalde ez euskaldun, zonalde misto eta zonalde euskaldunetako herritar eta herri ekimen desberdinen bizipenak ezagutu ahal izango dira: Errigora eta Union Tuteraren adibideak, zonalde ezberdinetako ikastolen ibilbideak... Ahalik eta Beasaindik barrena, Azpeitian amaitu arte: euskararen arnasgune izendaturiko herria. Urrun dagoena hurbilduz, Euskal Herriaren altxor nagusiaren ezagutzan sakonduz eraikiko da beraz Azpeitia eta Tutera arteko zubia.
Tutera-Azpeitiak azken urteetan Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko ekimenen antzeko planteamendua dauka. Hau da, Azpeitia-Hazparren, Azpeitia-Bilbo kostatik, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Azpeitia-Iruñea eta Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia ekimenen antzeko formatuan osatuko da egitasmoa baina, lehen aldiz, Azpeitian egongo da helmuga, eta ez abiapuntua. Ekimena mendizale, ibiltari edo naturazaleei orokorrean zuzendua dago, eta egon daitekeen erronkarik handienetakoa zein politenetakoa izan daiteke: Euskal Herriko mapako urruneneko puntuetako batetik abiatu, eta handik etxerako bidea egin.
Aurreikusten dugun egutegia honakoa izango da:
Znb. | Eguna | Ibilaldia | Luzera |
---|---|---|---|
1 |
Otsailak 17 |
Tutera - Milagro |
32 km |
2 |
Martxoak 16 |
Milagro - Faltzes |
22 km |
3 |
Apirilak 13 |
Faltzes - Lerin |
23 km |
4 |
Maiatzak 11 |
Lerin - Iratxeko Monasterioa |
30 km |
5 |
Ekainak 22 |
Iratxeko Monasterioa - Pilatosen balkoia |
27 km |
6 |
Ekainak 23 |
Pilatosen balkoia - Lizarragako mendatea |
30 km |
7 |
Uztailak 6 |
Lizarragako mendatea - Etxarri Aranatz |
27 km |
8 |
Irailak 14 |
Etxarri-Aranatz - Beasain |
30 km |
9 |
Urriak 19 |
Beasain - Azpeitia |
27 km |