Lagun Onak Mendi Bazkuna, danborrada taldea

lagunonak-mendi-bazkuna-danborrada-taldea
Lagun Onak Mendi Bazkunak lehenengo aldiz 1974an irten zuen San Sebastián jaietako nagusien danborradan. Eliz kaleko lokal berria zabaldu eta hilabete eskasera, hain zuen. Lokal berriak ateak irekiak zituen jadanik, eta gauza berriak egin beharra ikusten zen, elkartea herrira ahalik eta gehien zabal zedin. Horrela, gauzak egiten hasi ziren, eta horien artean danborradan parte hartu beharra zegoela pentsatu zen. Elkartean ideia bota eta segituan irten zuen asmo hark aurrera. Izan zen bakarren bat danborradan ateratze hori gustuko ez zuena, baina ez zen arazorik egon.

Erabakia hartu zenetik San Sebastianetara ez zegoen, ez, egun askorik, kontuan hartu behar baita lokala 1973ko abenduaren 16an ireki zela. Ez zegoen ez danborrik ez jantzirik, ezta denborarik ere egiteko edo nonbaitetik erosteko. Orduan Azkoitiko Beti Poz elkartekoei eskatu zizkien barrilak eta jantziak. Berak arazorik ez zegoela eta abisatzeko behar genituenean erantzun zuten.


Sukaldari jantziak ziren Azkoitiko Beti Pozetik ekarritakoak. Eta azkenean Lagun Onak-ekoek lortu zuten nagusien danborradan irtetea 1974an. Aurreneko aldia zuten. 40 bat lagunek hartu zuten parte. Zuzendari, Ederti-neko Joxe Inazio Agirre jarri zen, eta harrezkero ez du utzi postu hori.

1975erako jantzi berriak egin behar zirela erabaki zuten elkartekoek, bakoitzaren poltsikotik ordainduko ziren jantziak. Elkartearen ustez, tiroldar jantzia apropos-aproposa zen mendiko elkarte batentzako, han Tirolen (Austria) mendi ugari baitago, eta jantzi hori tipikoa dute. Liburuetan eta begiratzen egon ginen, argazkietan ere bai, beti ere detaile guztietaz jabetzeko. Geroztik, 1975etik, tiroldarrez irten dute beti Lagun Onak--ekoek: galtza motz beltzak, alkandora zuria, burukoa, galtzerdi zuriak eta oinetako beltzak. Taldeko gastadoreek eskiak, motxilak eta pirinear "mastil" txakurra eramaten dituzte. Kantineren arropa baino ez da aldatu; 1991an, hain zuzen.

Taldeko banderak, elkartearen sinboloa dauka; erdian mendi bat, baserri bat eta mendizale batekin; eta Lagun Onak M.B. hitzak ere ageri dira.

Bestalde, 1993an mendiari eskainitako karrozak irten zuen umeen danborradan. Karrozan azaltzen zen tokia Oihan Beltza zen, halaxe deitzen baizieten hango oihanari Tirolen. Kukua ere ageri zen, oso bertakoa zelako. Karroza gainean, Berdelari Ikastetxeko umeak joan ziren.

 

  • lagunonakmb-danborrada-01
  • lagunonakmb-danborrada-02
  • lagunonakmb-danborrada-03
  • lagunonakmb-danborrada-04
  • lagunonakmb-danborrada-05
  • lagunonakmb-danborrada-06
  • lagunonakmb-danborrada-07
  • lagunonakmb-danborrada-08