Azken Berriak - Lagun Onak Mendi Bazkuna, Gipuzkoa

Azpeitia-Gasteiz izango da Lagun Onak MBren 2025eko etapazko ibilbide luzea

Data: .

Azpeitia-Gasteiz, Hiru Handietatik barrena. Hauxe izango da Lagun Onak Mendi Bazkunak 2025 urtean egingo duen helduen etapazko ibilbide luzea. Azken urtetako formatu berarekin dator ekimena: hilean etapa bat eginez, eta bidean zehar eskualde eta tontor ezberdinak zeharkatu ostean, bi herri lotzea. Azken urteetan egin diren ekimenak mapan jarriz gero, Gasteiz aldera gerturatzea falta zitzaien Lagun Onak MBko mendizaleei, eta horixe izango da hurrengo urteko helburua.

Ekimena erakargarriago egiteko, bidea Hiru Haundietatik barrena egitea proposatzen da. Hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru tontor nagusietatik igarotzea: Aizkorri (1.523 metro), Anboto (1.331 metro) eta Gorbea (1.482 metro). Ibilbidea zazpi etapatan egitea aurreikusten da, eta guztira 190 kilometroko inguru osatuko dira. Egitasmoa ahalik eta mendizale gehienentzat egingarriagoa izateko, hirugarren eta bosgarren etapak Aizkorri eta Anboto tontorretatik igaro gabe egiteko aukera emango zaie parte hartzaileei.

Azpeitia-Gasteiz ibilbide luzeak azken urteetan Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko ekimenen antzeko planteamendua dauka. Hau da, Azpeitia-Hazparren (2017), Azpeitia-Bilbo kostatik (2018), Ardoaren eta arrainaren ibilbidea (2019), Azpeitia-Iruñea (2022), Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia (2023) eta Tutera-Azpeitia (2024). Ekimena mendizale, ibiltari edo naturazaleei orokorrean zuzendua dago.

 

Etapaz etapa

Lehenengo etapak Azpeitia eta Zumarraga lotuko ditu. Horretarako, Izarraitz Birako bidetik Otarrera igo, eta handik Zazpi Kurutze Mendi Martxako ibilbidea jarraituko dute mendizaleek. Bigarren etapan, Arranoaitz mendia igoko dute, eta Udanatik pasa ostean Zegamarako bidea egingo dute parte hartzaileek, Aizkorriren magaletik. Mendi hau hirugarren etapan igoko dute, eta ondoren Arantzazun amaituko da eguneko txangoa.

Laugarren etapan Arabako lurretan sartuko dira mendizaleak, bidean Andarto eta Degurixa bezalako paraje ezagunak zeharkatu ostean. Landako urtegian amaituko dute eguna. Bosgarren jardunaldian Otxandiorako bidea egingo dute mendizaleek, tartean Anboto gailurrera igota. Seigarren etapan, aldiz, Gorbea izango da protagonista, eta mendi hau egin ostean Murgiara jaitsiko dira parte hartzaileak. Azkenik, Murgia-Gasteiz izango da azkeneko etapa.

Aurreikusten den egutegia honakoa izango da:

 

Eguna

Ibilaldia

Hiru Haundiak

Luzera

1

Otsailak 15

Azpeitia – Zumarraga

 

30 km

2

Martxoak 15

Zumarraga – Zegama

 

24 km

3

Apirilak 12

Zegama – Arantzazu

Aizkorri

20 km

4

Maiatzak 17

Arantzazu – Landa

 

32 km

5

Ekainak 28

Landa – Otxandio

Anboto

31 km

6

Irailak 13-20

Otxandio – Murgia

Gorbea

29 km

7

Urriak 18

Murgia – Gasteiz

 

21 km